XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Garaiko BERRIEMAILEA

LEHEN HOMINOIDEOETATIK ZANTZU NEOLITIKOAK AGERTU ZIREN ARTE

Zutarri bat egin

Frantziako Bretainian 5.000 bat zutarri edo menhir daude.

Horietako batzuk izugarri handiak dira; esaterako, Locmariaquer-en dagoen Mener-Hraec'h-eko harria (euskaraz Mariren Harria esango geniokeena).

Harri puska handi horrek 20,3 metro ditu altueraz eta 307.148 kilo pisatzen du gutxi gorabehera.

Horrela esanda, ordea, zaila egiten da horren tamaina beldurgarria imajinatzea, horregatik, datu bitxi batzuk emango dizkizuegu harritzar horren handitasunaz hobeto jabe zaitezten.

Adibidez, harritzar hori arrabol edo errodilo batzuen gainean jarri eta dagoen tokitik mugitzeko, 264 bat lagun beharko lirateke eta 35 palanka leku estrategikoetan jarrita.

Arrabolen gainean harria batetik bestera eramateko, berriz, 1.545 lagun edo 230 idi beharko lirateke.

Bidean aldaparen bat topatuz gero, txikia izanagatik, 2.000 bat lagunek bultzatu beharko lukete harri puska, edo 230 idik bestela.

Jakina, indarra denek batera eta koordinazioz egin beharko lukete gainera.

Zutarrien kalea

Karnak-en (Egipton) zutarriek 3 eta 4 kilometrotako ilara luzeak osatzen dituzte, eta nola aurrez aurre lerrokatuta dauden, kale itxura hartzen dute.

Sua egiten ikasi

Cook kapitainak adierazi du Australiara egin zuen estraineko bidaldian (1768-1772) ikusi zuela bertako jendeak nola egiten zuen sua lortzeko.

Zur biguin batetik bi puska hartzen dute; horietako bat ohol zapala da eta bestea 20-25 zentimetro inguruko makila biribil, punta zorrotz bat.

Hartzen dute makila, jartzen dute oholaren gainean eta makila esku artean hartuta, ahalik eta azkarren jira erazten dute, bi eskuak igurtziz bezala.

Eta, zirt-zart, sua egiten dute bi minututan!

Tuareg-ak eta sua

Tassili-n' Ajje-n (Saharan) ikerketa lanetan ari den Henri Lhote etnologo frantsesak Djé Brine izeneko gidari tuareg bat du bere zerbitzura eta honentzat sua eskuz egitea munduko gauzarik arruntena da, huskeria bat.

-Arkazi makila gogor bat hartu eta azkar-azkar igurtzitzen du aurretik atzera torha izeneko ohol txiki baten gainean.

-Laster sortzen da txingar txiki bat eta hori zapi zahar baten harien gainean ipintzen du.

-Putz egin, garra piztu eta... sua egina.

Eta guztia berrogei segundo eskasetan!